banner12.jpg

Berriak

"Berrikuntza Sozialaren Asteazkenak" egitasmoak lanerako bide berri hori ezagutaraziko du landa-lurraldeen eraldaketa sustatzeko tresna gisa

LABEAN proiektua duela hiru urte sortu zen berrikuntza sozialaren kultura zabaltzeko Euskadiko landa-eremuetan. Orain, ekintza berri bat jarriko du abian: "Berrikuntza Sozialaren Asteazkenak".

Hiru online saioren bitartez, ekimen horretako partaideek berrikuntza sozialerako oinarriak eta gure landa-eremuak garatzeko ematen dituen aukerak ezagutu ahalko dituzte, beste egiteko modu batzuei buruz sentsibilizatu ahalko dira eta toki-erakundeek beren lurraldeen eraldaketari laguntzeko eta sustatzeko duten funtsezko zereginaren berri izan ahalko dute.

Atzo egin zen lehenengo saioa: “La innovación social como oportunidad para las zonas rurales” (Berrikuntza soziala landa-eremuetarako aukera gisa). Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapena eta Europar Politikako zuzendari Jone Fernándezek inauguratu du jardunaldia, eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntza sozialaren ikuspegiarekin lan egin nahi duela nabarmendu du, landa-lurraldeen garapena ahalbidetuko duen beste tresna bat delako.

"Landa-inguruneak, berezko ezaugarri espezifikoak eta erronka propioak izanik, lan egiteko tresna eta modu berriak behar ditu. Berrikuntza soziala izango da eskualdeen lanerako bide berria, gizarte-arazo zaharrei soluzio berriak bilatzeko"– baieztatu zuen Jone Fernandezek.

"Berrikuntza Sozialaren Asteazkenak" egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak antolatu du, HAZIren bitartez, eta Euskadiko landa-inguruneko toki-erakundeen ordezkarientzat da (udalak, administrazio-batzarrak...), baita landa garapenerako elkarteentzat ere; izan ere, toki-erakundeek zeregin oso garrantzitsua dute lurraldearen dinamizatzaile eta eragile lotzaile gisa. Ondorioz, saiootan tresnak jasoko dituzte gazteen partaidetza eta konpromisoa lortzeko eta landa-eremuetan bizitzeko eta lan egiteko espazio erakargarriak sortzeko.

Proiektu berriak inspiratzeko saioak

"Berrikuntza Sozialaren Asteazkenak" egitasmoan hiru saio egingo dira online. Lehen saioa atzo arratsaldean egin zen, eta landa-eremuetarako berrikuntza sozialaren aukeren ingurukoa izan zen. Urriaren 27koa berrikuntza sozial gazte eta landa ingurukoari buruz izango da, eta azaroaren 24koa, berriz, gizarte-ekintzailetzari eta landako toki-erakundeei buruz.

Saioei esker, Euskadiko nahiz lurraldetik kanpoko landa-udalerrietan egindako esperientzien berri izango da. Esperientzia inspiratzaileak eta errepikatu daitezkeenak izango dira, edo udalerri edo administrazio-batzar bakoitzaren errealitatera, beharretara eta aukeretara egokitutako proiektu berrien abiapuntu izan daitezkeenak, besteak beste. Saio bakoitzean esparru-hitzaldi bat eskainiko da landuko den gaiari buruz, eta, ondoren, esperientziak aurkeztuko dira eta galderak egiteko eta eztabaidarako txanda irekiko da parte-hartzaileen artean.

LABEAN proiektuaren baitan antolatutako ekintzetan parte hartu dutenek identifikatutako kezkei erantzuten die saio bakoitzeko gaiak, LABEAN proiektua 2019an abian jarri zenetik bildu baitira kezka horiek egitasmoa garatu den hiru eskualdeetan: Arabako Mendialdean eta Añanan, Araban, eta Enkarterrin, Bizkaian. 

Atzoko jardunaldian, "Berrikuntza Sozialaren Asteazkenak" ekimena aurkeztu ondoren, berrikuntza sozialaren kontzeptua azaldu zuen Innobasquek, eta landa udalerri berritzaileek abian jarritako hiru esperientziaren berri eman zen: “Zahartze aktiboa”, Zanbranan (Araba); “Errebote plaza”, Seguran (Gipuzkoa); eta “Activa Valverde”, Valverde de Burguillosen (Badajoz).

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola