banner2_0.jpg

Berriak

2015-2020 Eskualdeko Landa Garapeneko Programen amaierako Ebaluazioa egiteko prozesua hastear dago

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordetzak, HAZIren eskutik, eta Foru Aldundiekin eta Landa-garapeneko elkarteekin lankidetzan, 2015-2020 aldirako Eskualdeko Landa Garapenerako Programen azken ebaluazio-prozesua abiarazi du, kudeaketa- eta jarraipen-sistemak eta horien ezarpenak lortutako emaitzak aztertzeko.

Eskualdeko Landa Garapeneko Programak plangintza estrategikorako tresnak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenari buruzko 10/1998 Legetik sortuak, eta eskualde bakoitzeko landa ingurunea modu jasangarrian antolatzeko eta kudeatzeko balio dute, inplikatutako eragile guztiek parte hartuz eta konpromisoak hartuz, dauden baliabideak erabiliz eta eskualdearen garapen integralik onena bermatzeko estrategia eta ekimen zehatzak definituz.

Euskadiko 18 eskualdetan azken programazio aldia ezartzen hasi zenetik 5 urte igaro direlarik, beharrezkoa da 2015-2020 Eskualdeko Landa Garapeneko Programen amaierako Ebaluazioa egitea, kudeaketa eta jarraipen sistemak zein horien inplementazioan lortutako emaitzak aztertu ahal izateko.

Testuinguru horretan, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak, HAZIren eskutik eta Foru Aldundiekin eta Landa Garapeneko Elkarteekin lankidetzan, prozesua abiarazi du, alderdi hauek lantzeko:

  • Eskualdeko Landa Garapeneko 18 Programetako bakoitzaren garapen maila ebaluatzea (18 ebaluazio dokumentu): eskualde bakoitzaren testuinguru sozioekonomikoaren bilakaera aztertuz, LGP bakoitzean definitutako estrategien eta lan ildoen egokitasuna eta koherentzia analizatuz, horiek gauzatzeko gobernantza landuz, inplementazioa eta lortutako emaitzak aztertuz, eta baita praktika onen bilduma bat eginez.
  • Ebaluazioaren azterketa eta diagnostikoa Euskadi mailan (ebaluazio dokumentu bat). Hor, eskualdeen arteko alderaketa egiteaz gain, bai egoera sozioekonomikoari dagokionez, bai LGP bakoitzaren ebaluazioari dagokionez, guztiei eragiten dieten zeharkako alderdiei eta eskualdez gaindiko alderdiei erreparatuko zaie.
  • Etorkizunean LGPak diseinatzeko orientabide batzuk izatea (orientazioen dokumentu bat): egindako ebaluazioen ondorioetan eta gomendioetan oinarritua, baita egungo testuinguru globalaren azterketan ere (GIHak programa berrietan sartzea, Landa Garapeneko Lege berria…).

Ebaluazioa 2021eko lehen seihilekoan garatuko da, eta, modu egokian garatzeko, beharrezkoa da eskualde bakoitzeko landa garapenean inplikaturiko eragile nagusien iritzia eta balorazioak ezagutzea; horretarako, parte hartzeko prozesu bat gauzatuko da, elkarrizketak, inkestak eta lan bilerak eginez, eskualdeko eta eskualdez gaindiko mailan. Eskualde bakoitzeko prozesuaren protagonista Landa Garapeneko Elkarteak izango dira, eta horiek izango dira prozesuan parte hartzen duten eskualdeko landa inguruneko erakunde eta pertsonen, talde ebaluatzailearen eta talde sustatzailearen arteko lotura.

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola