Proiektuak

POCTEFA Ecogyp

interreg-poctefa-RGB

http://www.ecogyp.org/

http://www.poctefa.eu

http://ec.europa.eu/regional_policy/es/

Proiketuaren izena
POCTEFA Ecogyp: “Hegazti nekrofagoek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak mendialdeko eta abeltzaintzako jardueretako habitatentzat”
Hasiera
2016-04-01
Amaiera
2019-03-31
Bazkideak

HAZI, Gestión Ambiental de Navarra SA, Aragoiko Gobernua, Ligue pour la Protection des Oiseaux,  eta Arabako Foru Aldundia

Onuradun elkartuak

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Govern d’Andorra  

Catalunya La Pedrera Fundazioa

Deskribapena
Pirineoetako biodibertsitatea kontserbatzen lagundu nahi du, hegazti harraparien populazioak kudeatzeko esparru tekniko koordinatu bat eskainiz.

POCTEFA Ecogypek, FEDERek kofinantzatuta, Pirineoetako biodibertsitatea kontserbatzen lagundu nahi du, hegazti harraparien populazioak kudeatzeko esparru tekniko koordinatu bat eskainiz, hegazti horiek abeltzaintza eta ekoturismoa bezalako jarduera produktiboei egiten dieten ekarpena balorizatuz eta eragile administratiboen eta sektorialen arteko loturak indartuz. Proiektuaren xedeko espezieak bost hegazti harrapari dira (ugatza, sai arrea, sai beltza, sai zuria eta miru gorria”.

Horiek “talde funtzional” bat osatzen dute, eta bere ezaugarria da mendekotasun trofikoa dutela giza jardueraren ondoriozko hondakin organikoekiko, batez ere abeltzaintza estentsibotik eta intentsibotik eta horiei elkartutako industria eraldatzaileetatik datozen hondakinekiko. Horiek guztiek, sai arreak izan ezik, kontserbazio egoera larria dute, eta mehatxatutako espezieen dagozkien liburu gorrietan eta katalogoetan sartuta daude. Pirinioetako mendilerroak, Europako hego-mendebaldean, espezie horien populazio nukleo nagusietako batzuk hartzen ditu.

ecogyp

Arrazoi hori tarteko, Pirinioetako biodibertsitatea kontserbatzeko inplikatuta dauden eragileek jarduerak bultzatzen dituzte populazioen egoera ebaluatzeko eta perspektibak hobetzeko, kontuan hartuta gainera zerbitzu ekosistemiko oso garrantzitsua egiten dutela zuzenean: abeltzaintzaren jarduerak sortutako gorpuen eta azpiproduktuen eraldaketa. Ekozerbitzu hori Europar Batasunean azken hamarkadetan gertatutako hainbat krisi epidemiologoren eta elikadura krisiren ondorioz jarri da agerian. Hiru lan ildo diseinatu dira. Lehenengoak Pirinioetako lurraldearen esparrua partekatzen duten bazkideen arteko kudeaketa koordinatua bultzatu nahi du, ikusirik populazioen baliabide trofikoen sakabanaketa, mugimendu eta lorpenak muga administratiboak gainditzen dituela. Edozein ekintzak epe luzera populazioetan eta kontserbazioan eragina izateko mugaz gaindiko lankidetza ezinbestekoa izanik, gaikako mintegi teknikoak antolatu nahi dira (demografia, elikadura osagarria, artzaintza, ekoturismoa, hilkortasun artifizialaren prebentzioa…), eta web plataforma bat sortu nahi da, populazioei buruzko bilduma moduan, eta publikoari begirako difusio tresna moduan. Bigarren ildoak erabilgarri dauden diagnostikoak hobetzeko ekintzak lantzen ditu.

Populazioen tamaina, banaketa eta ugalketaren arrakastaren jarraipenaren intentsitatea eta erregulartasuna aldakorrak dira, baina beharrezkoa da inbentario horiek eguneratuta mantentzea, kudeaketa adaptatibo bat lortzeko, kontserbatzeko perspektibetan aldaketak detektatzeko eta horien aurrean erreakzionatzeko. Populazioek, bertan sortzen diren baliabide trofikoen ustiapenaren bitartez, Pirinioetako mendilerroko sistema seminaturalen funtzionalitatea baldintzatzen duten arren, jarduera horren osagai espaziala ez da ongi ulertzen.

Indibiduoak urruneko gailuekin markatuz, eta erabilgarri dauden baliabide trofikoen ebaluazio zehatza eginez, populazioek espazioa nola erabiltzen duten karakterizatu ahal izango da, eta nekazaritza eta abeltzaintzaren dinamikan nola esku hartzen duten ikusi. Rol horren azterketa kualitatiboa eta kuantitatiboa egiteko jakintza zehatzak jakin behar dira populazioen hilkortasunaren kausei eta bideragarritasun demografikoari buruz, eta, horregatik, alderdi horietan ekintzak egingo dira proiektuaren barruan. Hirugarren lerroa harrapari nekrofagoek egiten dituzten zerbitzu ekosistemikoak mantentzera zuzenduko da. Horretarako, zuzeneko kontserbazioko jarduerak egingo dira, komeni den lekuetan elikadura osagarrirako puntuak ezarriz, habiak egiteko lekuetan gizakion interferentziak murriztuz eta hilkortasunaren kausak mugatuz, esaterako, kableekin talka egiteagatik edo pozoitzeagatik.

Basoko faunaren eta nekazaritza eta abeltzaintzako jardueraren elkarbizitzarako mesedegarria izan daiteke ekosistemen dinamika errespetatuko duten teknikekin sortutako produktuak merkaturatzea, eta hedapen publikoko materialak eta tresnak erabiltzea, horien barruan tailerrak, erakusketak, esku orriak eta profesionalentzako hitzaldiak. Nekazaritza eta abeltzaintzako erabileran praktika onak sustatzea eta hegaztiak behatzeko ibilbide eta behatokiak prestatzea ekintza osagarriak dira, emandako ekozerbitzuak handitzeko eta horiei buruzko pertzepzio positiboa areagotzeko.

 

Proiektuaren dokumentazioa

 

HAZIren ekintzak

POCTEFA Ecogypen lan esparrua Pirinioak dira, eta HAZIk Gipuzkoak gauzatuko ditu proiektuaren ekintzak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Zehazki, populazioen errolda koordinatuak antolatu eta analizatuko dira, ugalketan duten arrakasta ebaluatuko da, ekologia espaziala aztertuko da markatzeko programen bitartez eta satelite bidezko jarraipena eginez, mintegi bat egingo da eta materialak argitaratuko dira abeltzaintzaren eta sarraskijaleen elkarbizitzari buruz, eta behatzeko eta interpretatzeko azpiegiturak txikiak ere instalatuko dira.

 

Keywords

POCTEFA, Ecogyp, hegaztiak, biodibertsitatea, FEDER

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola