banner12.jpg

Berriak

Harrera ona egin diote Euskal Ogia proiektuari

euskal ogia

Araban landutako garia eta ogi lantegi tradizionalen lana balioan jartzeko tresnaren bat bilatzeko asmoz, proiektu bat jarri zen martxan duela hilabete batzuk; zehazki, Okindegien Euskal Federazioak, Garlan Sozietate Kooperatiboak eta HAZI Fundazioak gidaturik eta otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuan aurreikusitako lankidetza laguntzek finantzaturik (Euskadiko Landa Garapeneko 2015-2020 Programaren esparru araudia). Hala, ogiaren eta nekazaritzaren sektoreek bat egin zuten, premiak elkarrekin partekatzeko, irin eta ogi ezaugarri bereziko gariaren ekoizpen iraunkorra gauzatzeko, eta ogi tradizionala egiteko, “Euskal Ogiaren” merkataritza aukerak aztertzeko baliagarria den proba pilotu baten bidez. Euskal Ogia, zehazki, Arabako zerealekin egindako eta Eusko Label ziurtagiria duen ogia da.

Proiektuaren helburu nagusia zen, hain justu, jatorriz eta kalitatez berezia den ogi eskaintzari kontsumitzaileak emandako erantzuna ezagutzea, eta jakitea ea ogi horren kontsumoa nahikoa litzatekeen nekazaritzaren eta ogiaren ikuspegitik bideragarritasuna ziurtatzeko. Merkaturatzeari buruzko azterketatik hainbat ondorio eta joera atera dira. Horien artean, nabarmentzekoa da kontsumitzaileen ia %10 leial izango zitzaizkiola produktu berriari, eta, gainera, Araban gariaren ekoizpen iraunkorrari eta ogia modu tradizionalean egiteari aurre egiteko prezioan.

Aurrekariak

Azken hamarkadan, ogiaren industriak eraldaketa itzela izan du, eta erabat industrializatutako ogi lantegietatik datorren ogiak lekua kendu dio lantegi tradizionaletik datorrenari.

Euskal lantegi tradizionalek, oro har familia jatorrikoek, Euskal Autonomia Erkidegoko hiri eta herrietako auzoetan banatutako dendetara eramaten dute ogia egunero. Eta aurre egin behar izaten diote industrialki ekoitzitako ogia hornitzen duen banaketa sare handiari. Okin tradizionalek banaketa modernoaren estrategiei aurre egiteko zeregin gogorra izaten dute, eta lehiari eutsi behar izaten diote. Horregatik, euren produktua berezia izatea bilatzen dute, horixe baita euren lehiarako tresna. Gaur egun, nahiz eta nekazaritzaren eta ogiaren sektoreek elkarren arteko harreman estua izan, bata lehengaiaren ekoizlea izateagatik, eta bigarren eraldatzailea, ez dute euren arteko transakziorik egiten, eta xehatze sektorearen bitartez izaten dute tratua; alegia, irinaren industriaren bitartez. Industria horrek nekazariari erosten dio garia, eta okindegiei saldu. Azken horiek, oro har, ez dakite nondik datorren garia

Proiektua, pausoz pauso

Araban, 25.000 hektarea gari lantzen dira. Gariaren norako nagusiak dira, batetik, animalien elikadura, pentsu moduan, eta, bestetik, gizakiaren elikadura, irin gisa. Alabaina, irin horrek, bere horretan, ez ditu ogi on bat egiteko beharrezkoak diren ezaugarri fisiko-kimikoak. Proiektu honetarako, Gaubean landutako garia erabili zen. Gari horri, gehienez ere, gari “indargarriaren” %20 gehitu zitzaion, ogi tradizionala lortzeko beharrezkoak diren malgutasuna eta luzakortasuna emateko irinari.

Okinek hainbat proba egin zituzten, Euskal Ogia izeneko ogi bat egiteko ezaugarri organoleptikoak eta prozesua definitzeko. Irinarekin ogi lantegian lortutako ore amarekin egin zuten, 10 ordutik gorako hartzidura luzearekin eta inolako gehigarririk gabe.

Bi hilabetean, aurrez pentsatutako saltokietan hiru formatutan merkaturatu zen Euskal Ogia: barra, txapata eta ogi biribila. Eraztun moduko batekin aurkeztu zen, eta erraz identifikatzeko moduko paper poltsa batzuetan eskaini zitzaion kontsumitzaileari. Ez zen inolako sustapenik egin, kontsumitzaileen artean berrikuntza eragina saihesteko, eta azterlanaren emaitzak ez distortsionatzeko. Salmenta gunean poster bat jarri zen, eta bezeroen eskura triptiko batzuk utzi ziren. Bietan ageri ziren deskribatuta salgai zegoen Euskal Ogiaren ezaugarriak.

Emaitzak

Euskal Ogia kontsumitzearen alde egin zuten pertsonen %72 40 eta 60 urte artekoak ziren. Nabarmendu zutenez, produktu honek garai bateko ogia zekarkien gogora, beste ogi batzuk baino gehiago irauten zuen eta kalitate eta zapore handiagokoa zen. Proposatutako formatuak ez ziren asko nabarmentzen ogi berezien eskaintza zabalean, baina kasu batzuetan ogi txikiegiak ziren familian kontsumitzeko. Nabarmentzekoa da, halaber, ogi bigunagoaren aldeko kontsumorako gaur egun dagoen joerak aurka egiten diola ogi tradizionalari; alabaina, ustekabean, ogi biribilari oso harrera ona egin diote. Euskal Ogiaren ezaugarriak okinetik kontsumitzailera igortzeko gaitasuna ere faktore erabakigarria izan da ogi hori jatearen alde egiteko.

Euskal Ogiaren ezaugarriak finkatu eta merkatu azterketa bat egiteaz gainera, proiektu honetan bestelako alderdi batzuk ere landu dira. Erabilgarri dauden gari barietateak ebaluatu dira, zerealen sektorearen, irinaren sektorearen eta ogi lantegien artean hornidura eredu bat garatu da, lehengaiaren trazabilitatea aztertu eta finkatu da, eta Arabako gariarekin egindako ogia babestuko lukeen araudi esparruaren zirriborroa osatu da (Zerealaren Ekoizpen Integraturako Araudia, Eusko Labela duen Arabako Zerealaren Araudia, eta “Eusko Labela duen Arabako Zerealarekin egindako ogia” Araudia).

Informazio liburuxka ikusi

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola