banner10.jpg

Berriak

'Iberiar hegazti sarraskijaleak' erakusketa Iturraraneko Parketxean

Gaurtik aurrera eta urriaren bederatzirarte Iturraraneko Parketxean Iberiar hegazti sarraskijaleak' erakusketa egongo da, Ramon Aranbarri eta Mario Bregañaren eskutik, kalitate handiko hogeita hamar bat argazkiren bitartez, hegazti nekrofagoen alderdi ederrenak erakusten ditu.

quebranta

POCTEFA ECOGYP proiektu europarraren esparruan gauzatzen da erakusketa, HAZI eta Gipuzkoako Foru Aldundiak  lagunduta, eta haren xedea da espezie horiek eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak adiskidetzen laguntzea. Hegaztiek eta hegan egiteko duten gaitasunak betidanik liluratu izan ditu gizakiak, baina nekrofago edo sarraskijale direlakoak, haien elikadura-motagatik, ez dira oso gustukoak izan, eta batzuetan jazarpena edo bazterketa ere jasan izan dute. Alabaina, espezie horiek mesede handiak egiten dizkiete ekosistemei eta gizakiei. Etxeko animaliak eta animalia basatiak hiltzean sortzen den materia ustela desagerrarazten eta birziklatzen dute. Haien lanagatik ez balitz, materia hori zelaietan geratuko litzateke, eta zelaiak erabiltzea zailduko luke eta animalien artean epidemiak zabaltzen lagunduko luke. Baina ekosistemetan egiten dituzten zerbitzu horiez gainera, harrapari nekrofagoak uste duguna baino ederragoak dira. 

POCTEFA ECOGYP proiektua

Mugaz gaindiko lankidetza-ekimena da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatutakoa eta Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren (POCTEFA 2014-2020) baitan kokatutakoa. Administrazioen eta zenbait eskualderen arteko lankidetzan oinarritzen da proiektua, eta hegazti nekrofagoek eta haien habitatek Pirinioen eremuan dituzten arazoei aurre egiteko asmoz sortu zen.

Hori horrela, Hazik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean dihardute Nafarroako Gobernuarekin, Generalitat, Arabako Foru Aldundiarekin, Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO/BirdLife) elkartearekin, Catalunya-La Pedrera Fundazioarekin eta Aragoiko Gobernuarekin eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta Ozitania eta Akitania Berria (Frantzia) lurraldeekin, Mediterraneotik Atlantikora bitarteko arku bat osatuz, harrapari nekrofagoen populazioak modu iraunkorrean kudeatzeko espazio bat sortzeko.

“Ekosistema-zerbitzuak, harrapari nekrofagoak eta haien habitatak” ECOGYP proiektuaren aurrekontua 2,18 milioi eurokoa da, eta aurreikusten dituen ekintzen artean daude hegazti horien populazioak zer egoeratan dauden diagnostikatzeko jarduerak eta bioaniztasuna eta mendi piriniarretako baliabide naturalen ustiapen sozio-ekonomikoa bateratzeko jarduerak. Ugatza, sai zuria, miru gorria, sai arrea eta sai beltza harrapari nekrofagoak sartzen dira ECOGYP proiektuan. Hegazti enblematikoak dira, arraroak Europako beste eremu batzuetan, eta legeriak babesten ditu. Eta, hala ere, mehatxu ugariren eraginpean daude (pozoitzeak, eragozpenak habia-guneetan, elektrokuzioa eta talka, habitata hondatzea, janaria eskuratzeko aukerak…). 

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola