banner9.jpg

Berriak

HAZIk kudeatzen dituen elikagai produktuen markak %7 igo dira fakturazioan 2016arekin alderatuta

Gaur goizean HAZIko zuzendaria den Asier Arresek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta HAZIko presidentea den Bittor Orozek 2017ko HAZIko Memoria aurkeztu dute eta bertan HAZI sektorea egituratzeko eta Euskadiko elikadura katea indartzeko egiten ari den esfortzuari jarraituz, 2017an  aurrerapen esanguratsuak egin direla islatzen da.

memoria

Horren adibidea sagardoaren sektorea da, izan ere, ekainean jada merkaturatu ziren Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehen botilak. Jatorri deitura duten sagardo botila guztiak bertako sagarrekin eginda daude %100ean. Berez, jatorri izendapenaren helburu estrategikoetako bat da hori: bertako sagarraren aldeko apustua indartzea eta sustatzea. Horretarako, jatorri deituraren araudiaren barruan Euskal Herriko 115 sagar mota sartu dira, izaera desberdinekoak. 2017an 1.320.000 litro bideratu dira jatorri deiturara, eta asmoa da datozen urteetan kopuru hori handitzea.

Halaber, 200 hektarea sagasti erabili dira aipatu sagardoa egiteko. Hori guztia eszenatoki partekatu bat eratzeko testuinguru baten barruan, eta lanerako espazio komun baten barruan, Euskadiko Sagardo Naturala sustatzeko. Finean, helburua da sagardoa tradizio handiko nekazaritzako produktu moduan duintzea, eta sagardoaren eta bere kalitatearen eta berrikuntzaren alde egitea, etengabeko hobekuntzarako alderdi moduan, eta sagardoaren kultura bat sortzeko estrategiaren oinarri moduan.

2017an, gainera, nabarmen indartu da Basque Label harategien proiektua, eta marka horren pean hainbat harategi ireki dira Araban, Bizkaian ea Gipuzkoan. Marka berriarekin harategi tradizionalen irudia eta kontzeptua aldatu nahi da, eta harategiek Euskal Herriko abeltzainekin eta kalitatezko produktuekin duten konpromisoaren balioa agerian jarri.

Halaber, HAZI plataforma informatikoak garatzeko egiten ari den lana azpimarratu daiteke, informazio eta kudeaketa sistemak integratzeko, abangoardia teknologikoan egongo diren tresnak eskuratu ahal izateko. 2017an lanean jarraitu dugu erakundeen arteko harremanak hobetzea lortzeko, sektoreko erakundeen arteko komunikazioen egituraketa hobetzeko, eta Euskadiko Elikaduraren Balio Katea osatzen duten enpresen kudeaketa errazteko eta lehiakortasuna hobetzeko irtenbide teknologikoak emateko.

Bittor Orozek azpimarratu duenez, une hauetan sektorea eta bere kate maila guztiak egituratzeko aukera dago, kateko guztien arteko zeharkako lankidetzaren bitartez gizarteak etorkizunean izango dituen premiei begira egiten dituen eskaerei erantzuteko. Sailburuordeak gehitu duenez 鈥aukera bat da produktu berriak sortzeko, eraginkorragoak eta iraunkorragoak izateko, jarduera berriak sortzeko, negozio eredu berriak eratzeko eta inbertsiogileak eta nazioarteko turismoa gastronomiaren eta elikaduraren ekosistemara erakartzeko, Euskadik duen bezalako sistemara, nazioartean erreferentziazkoa baita鈥.

Eusko Label

2017. urtea, oro har, positiboa izan da Eusko Label markaren pean bermatutako kalitatezko produktuentzat. Aipagarriak da Arabako Patataren, Euskal Baserriko Txerriaren eta Euskal Baserriko Arrautzaren ibilbidea.

Euskal Baserriko Arrautzak hazkunde graduala izan du ekoizleei eta ekoizpenari dagokienez: erregistratu diren 17 ekoizleek 20.600.000 arrautza ekoitzi dituzte gutxi gorabehera. Produktu horretan, gainera, nabarmen handitu da produktuaren komertzializazioa HORECA kanalean.

Produktua gure baserritarrek ongizate baldintzarik onenetan hazitako oiloetatik dator, garapen harmoniatsuarekin, aire zabaleko hazkuntza sistema baten bitartez.

Arabako Patatari dagokionez, berriz, oraindik ez dago behin betiko daturik, izan ere, kanpaina indarrean dago oraindik, baina, zantzu guztien arabera, Eusko Labelarekin identifikatutako ekoizpena 3.500.000 kilo baino gehiago izango dela espero da. Azken urtean 3 nekazari berrik egin dute apustu euren patataren ekoizpena ziurtatzeko (guztira 15 dira), eta azalera %15 handitu da. Sektorean freskoan kontsumitzeko egokiak izango diren aldaera berriak garatzen eta ikertzen jarraitzen dute, baita transformazio prozesuak lantzen ere, kontsumitzaileari kalitate hobea eskaintzeko.

Euskal Baserriko Txerriaren haragia kalitate eta berme sanitario handiko produktua da, Euskadin hazi, hil eta zatikatutako animalietatik datorrena. Aire zabalean hazten dira, animaliaren ongizatea errespetatuz, eta bere produkzio fase guztiek kontrol zorrotzak betetzen dituzte, HAZIk ezarritako Erregelamenduaren arabera. 2017an zehar, erregistratutako ekoizleen kopurua %25 handitu da, eta Eusko Label kalifikazioa duten kiloak ere %12,5 gehiagotu dira. Guztira 925.000 kilo inguru ekoitzi dira.

Estimatutako fakturazio datuak

HAZIk zuzenean 3 marka publiko eta ofizial kudeatzen ditu: Eusko Label, Euskal Baserri eta Euskal Herriko Kantauriko Kontserbak (Hegaluzea eta Antxoa). 2017an produktu horien fakturazio estimatua %7 igo da 2016arekin alderatuta, hain zuzen ere 152.437.339,97 euro fakturatu dira.

Jarraian produktu bakoitzaren eboluzioa ikusiko dugu:

Eusko Label 2017: 145.035.237,14 euro, %6ko igoera. 2016: 137.014.358,09 euro.

Euskal Baserri 2017: 5.303.890,83 euro, %62ko igoera. 2016: 3.256.032,07 euro.

Euskal Herriko Kantauriko Kontserbak 2017: 2.098.212 euro, %13ko beherakada. 2016: 2.413.392 euro.

Produktu berriak

Produktu batek Eusko Label ezaugarria lortzeko prozesua neketsua da. Aurretiaz egin beharreko zeregin batzuk daude, hala nola ekoizpen eta eraldaketa sektorearen azterketak, merkaturatze kanalenak eta merkatuarenak, baita produktuaren izaera berari buruzkoak ere. Azterketa horietatik abiatuta, bere ezaugarri guztiak erregelamendu batean zehatz-mehatz definitzen dira, baita ekoizteko, merkaturatzeko, ontziratzeko eta etiketatzeko modua eta kontrol sistema ere. Une hauetan Eusko Label produktu berriak gehitzeko aukera lantzen ari da, eta hainbat barazki eta fruta aztertzen ari dira.

Horrez gain, aurki Eusko Labelekin landutako produktu berriak merkaturatuko dira: Arabako Patata aurre-egosiak; Eusko Labeleko behi haragiarekin egindako albondigak, biribilkia saltsan, haragia arrautza-irinetan pasatua, lasagna eta sukalkia; eta Ibarrako Piparrarekin egindako pipersaltsa. Eusko Labelekin egindako edo prestatutako produktuen ezaugarria da bere osagai nagusia edo nagusiak Eusko Label bereizgarria duten produktuak direla. Horrenbestez, kontsumitzeko joera berriei eta sektorearen beharrei erantzun nahi zaie.

 

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola