banner4.jpg

Berriak

Aintzinako baserri baten erreproduzio bat erabiliko du “Basque Gabonetako Azoka”-k landa ingurunea Bilbora hurbiltzeko

Asteburu honetan, Areatzako pasealekua Bilbo handitik urrun dauden herrietan ohikoagoa den eszenatokia bihurtuko da. Egun horietan Basque Gabonetako Azoka-ren lehen edizioa egingo da, non euskal landa inguruneko bizimodua birsortuko den hiriburuaren erdian, antzinako baserri baten erreproduzio batekin, landa ingurunearen eta hiri ingurunearen arteko hurbiltze hori adierazteko.

Azokaren inaugurazioa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagien Politikako sailburuorde Bittor Orozek egingo du bihar 17.30tan, azoka sailburuordetzak berak antolatu baitu, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.

Asteburuan zehar aukera egongo da bertako produktuak, produktu ekologikoak eta kalitateko beste bereizgarri batzuk dituzten produktuak erosteko, bai eta elikagai batzuk dastatzeko eta probatzeko ere, hala nola Idiazabal gazta, Arabako Errioxako olioa, txakolina, Euskal Sagardoa edo garagardoa, horietako asko ekoizpen ekologikokoak, gainera.

Eskaintza gastronomikoa osatzeko jarduera programa zabal bat egongo da. Jarduera horietatik nabarmentzekoak dira musika emanaldiak, kaleko animazioa eta familientzako tailerrak. Familientzako tailerretan, parte hartzaileek artilearen artisautzako eraldaketa ezagutu ahal izango dute, bai eta ortu ekologiko bat nola kudeatu, gastronomiako hainbat ideia hartu eta gaileta ekologikoak, taloak, gazta eta tallarinak prestatzen ikasi ere.

Hori guztia azokak irauten duen hiru egunetan eskainiko da, ordutegi hauetan:

Ostirala, abenduak 15: 17.30 - 22.00 h

Larunbata, abenduak 16: 10-15.00 h eta 17.30-22.00 h

Igandea, abenduak 17: 10:00 - 15.30 h

NIREA proiektuan kokatzen den ekimena

Basque Gabonetako Azoka NIREA proiektuan kokatzen den ekimena da, proiektu horren helburua Lehen Sektorea Suspertzea eta Landa eta Itsasertzeko Ingurunea Biziberritzea baita. NIREAren asmoa da hiriaren eta baserriaren arteko sinbiosia ikusaraztea eta haien arteko elkarrizketa bultzatzea, elkarrekin aurrera egin dezaten, geurea kontsumitzea bultzatzeko eta elkarrekin lehen sektorea sustatzeko. Bere filosofia da elkar ulertzeko, lankidetzan aritzeko eta gure lurraren etorkizuna bultzatzeko leku bat sortzea.

 

AGENDA

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola