banner12.jpg

Berriak

100 pertsona baino gehiagok Ardogintzaren I. Topaketa Profesionalean parte hartu dute Euskadi eta Akitania arteko lankidetza proiektu baten barruan

  • EVA (Euskadi Vin Aquitaine) Euskadi eta Akitania arteko lankidetza proiektu bat da, bi eskualdeetan ardogintzaren sektorean berrikuntza sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.
  • Proiektua aurkezteko jardunaldia gaur goizean egin da Gasteizko Artium museoan, eta sektoreko eragile zientifiko, tekniko eta ekonomikoak elkartzeko sare iraunkor sortzeko ekimena landu da, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

 

Asier Arrese EVAko aurkezpenean

Gaur goizean Ardogintzaren I. Topaketa Profesionala egin da Gasteizko Artium museoan, EVA proiektuaren baitan (Euskadi Vin Aquitania). EVA Euskadi eta Akitaniaren arteko lankidetzarako egitasmoa da, bi eskualdeetako ardogintzaren sektorean berrikuntza bultzatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Hitzordura sektoreari lotutako 100 pertsona baino gehiago bildu dira, horien artean ekoizleak, zientzialariak, teknikariak eta eragile ekonomikoak, eta lankidetza sare bat sortzeko aurrerapausoa egin dute, produktu, prozesu eta merkatuetako berrikuntzako esperientziak partekatzeko. Hori guztia ardogintzako ustiategiak eraginkorragoak eta lehiakorragoak izan daitezen.

Jardunaldiaren helburua zen berritzeko behar zehatzak dituzten sektoreko operadoreak eta kalitate eta tipizitateari, ingurumenarekiko errespetuari eta merkatuetarako sarbideei buruzko arloetan proiektuak garatzeko ezagutza duten erakundeak eta elkarteak harremanetan jartzea. Premisa horiei jarraituz, lehendabizi hainbat hitzaldi eman dira EVA proiektuari berari buruz, merkatuko joerei buruz edo sektorearen zerbitzura dauden teknologia berriei buruz.

Ondoren, eragile sektorialek hori tailer tematikotan parte hartzeko aukera izan dute, jarduerari lotutako hainbat alderdi eztabaidatzeko: ardoaren merkatua, mahastiak eta ardoa bera. Beste gai batzuen artean, enoturismoak sektorearen balioa berritzeko eskaintzen dituen aukerak aztertu dira, ardogintzari aplikatutako datu espazialen erabilera, mahastien kudeaketa iraunkorra hobetzeko moduak edo ardoen ebaluazio sentsoriala.

 

Bereizitasuna eta kalitatea, globalizazioaren aurrean

Asier Arrese HAZI Fundazioko zuzendari nagusia arduratu da topaketa inauguratzeaz, eta hitzaldi bat eman du produktuak, prozesuak eta merkatuak berritzeko beharrari buruz. "Gaur egun, ardogintzaren sektoreak merkatu globalizatu eta oso-oso lehiakorrari egin behar dio aurre, eta horrek nekazariak behartzen ditu kalitate bikaineko ardoak eskaintzera, jatorriaren alderdi bereizgarriak islatuz, eta ingurumen inpaktua minimizatuz", adierazi du.

Arresek gogoratu duenez, "ardogintzaren euskal sektoreak 14.000 ha mahasti ditu lurralde osoan banatuta, Arabako Errioxatik kantaurialdeko Txakolina egiteko mahasti berdeetaraino". Halaber, upategiek nazioartekotzeko egindako lana aitortu du, krisiaren eragin negatiboei aurre egiteko. Datuek hori erakusten dute, izan ere, 2015eean Euskadik errekorrak gainditu zituen ardoaren esportazioan, 58 milioi litro ekoitzi eta 203 milioi euro fakturatuta.

 

EVA, denon mesedetarako elkarlana

EVA proiektuak balio kateko hainbat eragile integratzen ditu, hau da, ekoizleak, produktuen hornitzaileak eta zerbitzuak zein teknologi eta ikerketa zentroak. Proiektua 2016an hasi zen, eta xedea da Euskadi eta Akitania eskualdeetako lankidetzazko loturak sendotzea, lehiakortasuna hobetzeko.

Egitasmoa hainbat bazkideren bitartez garatzen da. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzako enpresa diren HAZI Fundazioak eta Neikerrek, EHUrekin eta Euskampus Fundazioarekin batera, osatzen dute Euskadiko enpresen taldea. Akitaniako kideak dira Inno´vin Bordeaux Aquitaine, Akitaniako ardogintzaren klusterra, Institut des Sciences de la Vigne et du Vin (ISVV), Chambre d'Agriculture de la Dordogne, Chambre d'Agriculture de la Gironde, Akitaniako Nazioarteko Lankidetza Agentzia (INTERCO) eta Congrès et Exposition de Bordeaux (CEB).

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola