banner2_0.jpg

Berriak

Arabako Errioxak Arabako Oliba Olioaren II. Jaia ospatuko du

mimosaicoDatorren martxoaren 23an eta 24an, Arabako Oliba Olioaren II. Jaia ospatuko da, Lantziegoko eta Moreda Arabako udalek antolatuta eta agente eta erakunde askoren inplikazioarekin, besteak beste, Hazirenarekin. Jaia bi herri gonbidatzaileen eta Oionen artean egingo da, eta bertan aurkeztuko da "urre likido" horren uzta berria, kasu honetan Euskal Herrikoa eta Nafarroaren erdialdeko zonaldekoa baino ez den Arroniz barietateko olibatik datorrenarena.

Ekitaldiak martxoaren 23an, larunbatean, hasiko dira, Oionen, olioz igurtzitako ogi xerra bat urdaiazpikoarekin dastatuta, arratsaldean Lantziegoko herrian jaiarekin jarraitzeko, non udalaren olio errota bisitatu eta olio dastaketa bat egingo baita azalpenekin.

Igandean, ospakizunak Moreda Araban izango dira; bertan, Arabako produktuen azoka egingo da, eta olibondoak eta olio errota bisitatuko dira, bai eta haurrentzako tailerrak eta gaiaren inguruko erakusketak ere. Eusko Label pintxoen eta oliozko bonboien dastaketak ere egingo dira. Dastaketa horietan zein Lantziegon egingo den komentatutako dastaketan bilduko den dirua ongintzazko proiektuetara bideratuko da. Jaiari amaiera emateko, kanpaina berriko olioa aurkeztuko da eta Arabako Slow Foodekoek, jaia dela-eta, prestatu duten “dastamenaren laborategia”ren berri emango dute.

Arabako Errioxako Ardoaren ibilbideak ere ekitaldian parte hartu nahi izan du eta igandean Enobus berezi bat prestatuko du Bilbotik eta Gasteiztik

Olioa eskualdearen nortasun eta ondare gisa errebindikatzen duen jaia

Olibadiak tradizio izaera dauka Arabako Errioxan, eta, inolako zalantzarik gabe, zonaldean oso garrantzitsuak diren beste bi laboreekin lotuta dago erabat, mahatsondoarekin eta zerealarekin, hain zuzen ere, "hiruko mediterraneoa" delakoa osatzen baitute (olioa, ogia eta ardoa). Eta produktu bat landatzeak eskualde oso bati nortasun jakin bat ematea dela erakusten duen adibide garbi bat nahi badugu, horixe da olibondoa Arabako Errioxan.

Eskualdeko jendea labore horren zaintzaile eta defendatzaile izan dira beti, eta horri esker dugu gaur egun olibondoa gure artean eta gozatu dezakegu beraz. Jende hori da, beste agente eta erakunde batzuen laguntzarekin, labore hori bultzatzeko gogor aritu dena, zonalde batzuetan labore nagusia izan baita, duela urte batzuk eskualdean eragin eta presentzia galdu zituenera arte.
Hala, gaur egun, olibadiaren laborantzak eskualdeari utzitako ondarearen adibide ugari aurki dezakegu: olio errotak, olibadiari loturiko istorioak eta esaera zaharrak, bost zentzumenekin goza daitekeen paisaia, biodibertsitatearen zaintza eta bakarra den produktu hau: Olio berezia eta berezko izaera duena.

Jaiaren kartela

Jaiaren egitaraua

Informazio gehiagorako: Guardiako Kuadrilla

 

 

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola