banner13.jpg

Berriak

Elikaduraren euskal industria Lyoneko SIRHA azokan izan da

COVID-19aren eraginez nekazaritzako elikagaien arloko nazioarteko azokarik egin gabe urte eta erdi igaro ostean, udazken honetan berriro ekin zaio sektorerako hitzordu garrantzitsuenak antolatzeari. Azoketako lehena SIRHA 2021 izan da, ostalaritza, catering, sukaldaritza eta elikaduraren arloko nazioarteko erakustazoka.

Lyonen egin da irailaren 23tik 27ra, eta bertan izan dira bost euskal enpresa, talde gisa, Eusko Jaurlaritzak HAZIren bitartez antolatutako Euskadi Basque Country standean.

Parte-hartzea aurreko edizio batzuetakoa baino txikiagoa izan arren, Eusko Jaurlaritzak azoka horretara joatearen alde egin du nekazaritzako elikagaien euskal industriak presentzia izan dezan, berriro ere, nazioarteko azoketan. Hasieran, nahiz eta enpresek ziurgabetasuna izan pandemiaren osteko nazioarteko aurrez aurreko lehenengo hitzordua zelako, bertaratutako enpresek oso ondo baloratu dute.

Azokak iraun dituen bost egunetan hainbat profesionalen bisitak jaso dira, eta harremanak ezarri dira enpresa horien produktuekiko interesa erakutsi duten HO.RE.CA kanaleko inportatzaile eta banatzaileekin. Ekitaldi hori bi urtean behin egiten da, eta elikaduraren sektoreko erakundeen ordezkariak bertaratu eta aktiboki parte hartzen dute, batik bat Frantziako sektorekoak, joera eta produktu berriak, merkatuaren bilakaera eta hornitzaile berriak ezagutzeko asmoz.

Euskadi Basque Country standean, eskatutako osasun-neurri guztiak beteta, euskal enpresa parte-hartzaileen produktuak ezagutu eta dastatu ahal izan dira, hain zuzen Salanort, Conservas Ortiz, La cocina de Senen, Sarriegui eta Rafa Gorrotxategi enpresenak.

SIRHA Lyoni buruz

SIRHA erreferentea da ostalaritzaren munduan, eta hainbat sektoretako profesionalentzat da, hala nola sektore hauetakoentzat: nekazaritzako elikagaiak eta edariak; gozogintza eta okintza; gozoak; ostalaritzako materialak eta ekipamenduak; teknologiak eta zerbitzuak, etab. 2021eko edizioan, azokak 2.000 erakusmahai inguru izan ditu.

Frantzia, ondoko herrialdea izanik eta dituen azpiegiturak kontuan hartuta, estrategikoki kokatuta dago euskal nekazaritzako elikagaiak esportatzeko, eta, gainera, Europako gainerako herrialdeetan sartzeko atea izan daiteke. Gutxi gorabehera 60 milioi biztanleko merkatua denez, gourmet merkatu nagusietako bat da. Frantziako kontserbako eta bertan prestatutako elikagaien kontsumoa haren ekoizpen nazionalaren gainetik dago; hori dela eta, produktu mota horren inportazioak etengabe hazten dira. Arrain-kontserbek kokapen ona dute. Plater prestatuen sektorea, kalitate eta prezioagatik, merkatuaren gourmet nitxoan dago. Gozogintza eta gozoen eskaera handia dago Frantzian, eta garrantzi berezia ematen diete zenbait produkturen (kakaoa edo txokolateak, esate baterako) jatorriari.

Euskadiko nekazaritzako elikagaiak sustatzeko udazkena

SIRHA azokan izan ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak nekazaritzako elikagaien euskal industria kanpoan sustatzen laguntzen jarraituko du, urrian egingo diren nazioarteko azoketan: CONXEMAR 2021, Vigon egingo da urriaren 5etik 7ra; ANUGA 2021, Kolonian (Alemania) egingo da urriaren 9tik 13ra; eta GOURMETS 2021, Madrilen egingo da urriaren 18tik 21era.

Bestalde, Euskadiko Elikagaien Industriaren 2022ko Sustapen Plana argitaratu da jada. Egitasmo horretan jasotzen da taldean bertaratzeko asmoa elikagaien eta edarien estatuko eta nazioarteko hamar azoketara baino gehiagotara.

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola