banner9.jpg

Berriak

Euskal Ogia: Eusko Labelekin egindako produktu berria

Gaur Euskal Ogia aurkeztu da Donostian, Eusko Labelarekin ziurtatutako Arabako gariarekin egindako ogia. Produktu berria ama orearekin eta hartzidura luzearekin ekoizten da, gehigarririk gabe, eta ogiaren garapenaren ziklo naturala errespetatuz. Produktu berriaren aurkezpenean parte hartu dute Euskadiko okintza tradizionalaren sektoreko ordezkariek, Arabako zereal ekoizleek eta ordezkari instituzionalek.

Horien artean, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politiketako sailburuordea, Javier Plasencia, Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendaria eta Peli Manterola, HAZIko zuzendari nagusia. Orozek nabarmendu du nolako garrantzia izan duen proiektuan Euskadiko lehen sektorearen eta okintza tradizionalaren sektorearen arteko lankidetzak, elikadura kate osoari balio erantsia ematen dion produktu bat merkaturatzeko, ekoizleak babestuz, garapen komertzialerako aukera handiagoekin eta tresna berriekin.

 

Eusko Labelez edo kalitatearen bereizgarri horren peko produkturen batez egindako produktu guztiak bezala, hasieratik amaierara kontrolatzen da, izan ere, HAZI erakundeak ezartzen ditu beharrezkotzat jotzen diren kontrol eta ziurtapen sistemak produktuaren prozesu katean, hau da, ekoizpenean, kontserbazioan eta biltegiratzean, garraioan, ontziratzean, manipulazioan eta komertzializazioan, Eusko Label bereizgarriaren sinboloez identifikatuta iristen den produktuak markaren erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak bete ditzan.

Eusko Label duten Arabako zerealen araudiak gari bigun, gari gogor, espelta, garagar, olo, zekale eta beste zereal batzuen aleak babesten dituen arren, zeinen produkzioa giza kontsumorako transformaziora zuzentzen baita, Euskal Ogia egiteko erabiltzen ari den zereala garia da. Garia da Arabako labore maioritarioa. Urtero, lurraldeak nekazaritzarako dituen 83.000 hektareetatik 24.000-25.000 hektarea lantzen dira, hau da, nekazaritzako azaleraren ia %30. Halere, orain arte, gari horren helmuga ez da ogitarako transformatzea, izan ere, gaur egun erabiltzen diren barietateek eta Lurralde Historikoko zati handi baten ezaugarri agroklimatikoek galarazi (mugatu) egiten zuten ogia egiteko erabiltzea. Horrenbestez, garia animalientzako pentsutara edo gailetak bezalako beste produktu batzuk egitera zuzendu ohi da. Hain zuzen ere, proiektuaren helburuetako bat da Arabako Zerealen markaren pean aleek erregelamenduak eskatzen dituen kalitate parametroak betetzea, Arabako zerealen sektoreari balioa emateko eta komertzializatzeko aukera berriak sortzeko. Zerealaren jatorriaz (Araba) eta kalitateaz gain, Euskal Ogiaren erregelamenduak exijitzen du erabiltzen den garia Ekoizpen Integratuko teknikekin ekoiztea.

Arau horrek laborearen kudeaketa osoko baldintzak uztartzen ditu, nekazaritzaren jasangarritasuna sustatuz ingurumenari zein produktuari dagokienez. Baldintza horiek betetzeko, nekazaritza sektoreak ahalegin handiagoak egin behar ditu, araua betetzeko eta ziurtapena lortzeko kontrolak eta auditoriak gainditzeko. Horrenbestez, Arabako nekazariek ogitarako irina lortzeko kalitatezko gari barietateak ereiteko aukerak dituzte, lehengaiari eta egindako produktuari balio erantsia emanez.

Saltokiak

Ogia, hasieran, Basque Label Okindegiak irudiarekin identifikatutako okindegietan salduko da, Euskal Ogia bereizgarriarekin. Ogia jada salgai dago Euskadiko 20 salmenta puntutan, eta urtea amaitzerako 120 okindegietan izango dugu eskuragai. Euskal Ogia markaren planaren arabera 2022 amaierarako Arabako 600 hektarea gari erabiliko dira ogia egiteko.

Oraingoz, kontsumitzaileari eskainiko zaion produktuaren gamak izango dira txapata, barra eta ogi biribila. Etorkizunari begira, Euskal Ogiaren eskaintza integral eta baguette modalitateekin zabaldu nahi da.

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola