banner4.jpg

Artículos

Eusko Labela duten produktuel animalia ongizateko ziurtagiria izango dute

• Orain arte animalia-ongizateko araudia zorroztasunez bete izan den arren, hemendik aurrera zeregin horretan sakondu nahi da. Horretarako, beste urrats bat egingo da, eta modu objektiboan frogatuko da alderdi hori, epe ertainerako ziurtagiri baten bitartez.

• HAZIk egingo ditu ziurtapen-lanak eta NEIKER-Tecnaliak elkarlanean jardungo du, animalia-ongizatean aditua den ikerketa-zentroa den aldetik.

Eusko Labela duten produktuek animalia-ongizateko araudia betetzeko garaian aurrera egin nahi dute, eta, ziurtagiri onartu baten bidez, modu objektiboan frogatu nahi dute alderdi hori. Hori lortzeko, HAZI eta NEIKER-Tecnalia lan handia egiten ari dira ziurtapen-estrategian, eta animalia-ongizatea ziurtatzeko prozesua garatzen ari dira animalia-jatorriko Eusko Labela duten produktu guztietarako, betiere produktu horien araudiekin eta auditoria erraztu bidezko baterako ziurtapenarekin koordinatuta.

Ziurtapen horren zereginak HAZIk egingo ditu; izan ere, Eusko Label produktuen ardura duen erakundea izanik, ziurtatzaile esperientziadunak ditu. Bestalde, NEIKER-Tecnalia, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko ikerketa-zentroa den aldetik, aditua da animalia-ongizatean, eta arlo horretako ezagutza ekarriko du. Zehazki, Eusko Labelaren araudien egokitzapenean lagunduko du, animalia-ongizatearen arloko azken ezagutza zientifikoetan oinarrituta. Era berean, Eusko Label marka publikoko ikuskatzaileak animalia-ongizatearen alderdietan prestatu eta ziurtatuko ditu, espezieetako bakoitzari dagozkion protokoloak aplikatu ahal izan ditzaten. Azkenik, ardi-aziendan, indioilar-aziendan eta gizentzeko oilaskoen aziendan protokoloak aplikatzeko garatu dituen informatika-aplikazioak lagako ditu eta gainerako aziendetarako informatika-aplikazioak garatuko ditu —batzuetan beste erakunde batzuen laguntzarekin—. Helburua da erraz eta efizientziaz egitea animalia-ongizatearen egoeraren jarraipena.

NEIKERek esperientzia eta jakintza handia du animalia-ongizatearen arloan. Azken 10 urteotan arlo horretako adituak gehitu ditu taldean, eta, hartara, animalia-ongizatea oinarri duten zenbait proiektu garatu ahal izan du, batik bat hegazti-zaintzan eta ardi-zaintzan. Nabarmentzekoa da 2011-2015 artean garatu zen Europako AWIN proiektua. NEIKERen taldea funtsezkoa izan zen ardien eta indioilarren ongizatea ebaluatzeko protokoloen garapenean. Protokolo hori, ondoren, oilaskoen ekoizpenerako egokitu da. Gainera, NEIKER buru izan da animalia-ongizatea ebaluatzeko telefono mugikorreko munduko lehen aplikazioaren garapenean.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak aditzera eman duenez, ““ekimen horri esker, Euskadin aitzindari izan nahi dugu animalia-ongizatearen arloan”” eta “Eusko Labela duten produktuen animalia-ongizateko ziurtagiriak berme handiagoa eskainiko die kontsumitzaileei, eta balioa areagotuko die kalitateko eta jatorriko zigilu publiko horren babespean dauden produktuei”.

Hauek dira ziurtatu nahi diren animalia-jatorriko Eusko Labeleko produktuak:

  • Euskal esnea
  • Euskal okela
  • Euskal esne bildotsa
  • Euskal baserriko arrautza
  • Euskal baserriko oilaskoa
  • Baserriko txerria

Eusko Labelek kontsumitzaileei kalitate-maila zorrotza eskaintzeko konpromisoa hartu du, eta produktuen jatorria eta benetakotasuna identifikatzeko aukera eman die kontsumitzaileei. Konpromiso horri esker, kalitateko ekoizpena sustatu ahal izan du eta, horrenbestez, ekoizleen lana eta sarrerak babestu ahal izan ditu, sortu zenetik gaur egunera arte.Nolanahi ere, orain, kontsumitzaileak eta salmenta-bideak informazio eta atributu gehiago eskatzen hasi zaizkie euskal nekazaritzako elikagaiei (jasangarritasuna, animalia-ongizatea, gizarte-erantzukizun korporatiboa eta bestelako ezaugarriak). Animalia-ongizatearen ziurtagiriarekin, hain zuzen ere, erantzun nahi zaio eskari horri eta animalia-ongizatearen aldeko apustu handia egin nahi da.

 animalia ongizatea

scribdicon

Granja Modelo s/n 01192 Arkaute, Araba , NIF. G48986137 | T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Política de Privacidad | Aviso Legal | Control Remoto